Santa Maria basilika (Donostia)

Santa Maria basilika
Santa Maria basilika
Kultura ondasuna
Kostaldeko Donejakue bidea Kostaldeko Donejakue bidea
Atari nagusia.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′26″N 1°59′12″W / 43.32399°N 1.98669°W / 43.32399; -1.98669
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXVIII. mendea -
Izenaren jatorriaMaria
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaDonostiako elizbarrutia
Arkitektura
Estiloaarkitektura barrokoa
Ondarea
BICRI-51-0001200
527
Webgune ofiziala

Santa Maria basilika[1], sarri Koruko Andre Mariaren basilika[2] ere deitua, Donostiako Parte Zaharrean dagoen eliza barrokoa da.

Inazio Ibero arkitektoaren lana da, Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren enkarguz eraikia XVIII. mendean.

Kultuz kanpoko erabilpenen artean musika arloa dugu. Izan ere, Musika Hamabostaldiak eliza hau du egoitza nagusietariko bat. Bestalde, Santa Marta nabean Donostiako Elizbarrutiko museoa bisitagai dago.

Historia

Santa Mariaren basilika hiri honetako parrokiarik zaharrenetarikoa dela dirudi. Dokumentuetan azal­tzen denez, leku horretan Urgull mendiaren magalean, bat bestearen atzetik Birjina Mariari eskainitako elizak izan omen ziren, XII. mendetik hasita hiri honek nozitu zituen suteen ondorioz desagertuz joan zirenak, az­kenekoak 1575ean eta 1688an Mota zeri­tzan gazteluko bolborategiko bi leher­keten ondorioz. Koruko Andre Mariaren eta San Inazioren babespean 1728an sortutako Caracasko Errege Konpainia bere zeruko zaindariari eliza berri bat eraiki beharrean gertatu zen. Lanak 1738an hasi ziren, diseinuaren begirunez klaustro gotikoa eta alboko etxeak bota beharrean gertatu zirelarik. Bere lehenengo ar­kitek­toak, Pedro Inazio Lizardi eta Migel Salezan izan ziren eta hauek joan beharrean gertatu zirenez, Loiolako Santutegiko ar­kitek­toaren seme Fran­tzisko Iberok ordez­katu zituen. Beronen eraikun­tza 212.000 peso kosta zen eta ofizial­ki 1774an inauguratu zen. Azaleran 2.773 m bete­tzen ditu. Barrutik baditu luzeran 55, 50 m eta 32,70 m zabaleran, eta 28 m garaieran (ganga jarraituraino eta 35 m laranjaerdi-formako loroiraino). Barruan 4.000 lagunen­tzako edukiera du. Barrokoa da bere estiloa, halakoxe rococo ku­tsua duena, atarian hobeto ikus daitekeenez. Areto oinplanoa eta garaiera bereko hiru habearte dituena dugu, baina gangak gotikoak izaten jarrai­tzen dute, garaiera handiko pilastrez eu­tsitakoak, kapitelak kapitelen gainetan jarriaz disimula­tzen saiatu ziren arren. Barruan badira churriguereskotik eta rococotik hasi eta neoklasikora arte doazen kapera eta erretaulak. Mul­tzo aberats eta harmonia­tsua da horren ondorioa, eliza honi gipuz­koar hiriburuko elizarik ederren eta dotoreena izatearen sona eman zaio.[3]


Erretaula multzoa

Erretaula nagusia Koruko Ama Birjinarena da eta albokoetakoak Santa Barbararena eta San Piorena. Estilo neoklasikokoak eta 1775. urtearen inguruan eginak. Hiru erretaulek estiloari dagokionez multzo batua osatzen dute. Hirurak dira Francisco Azurmendik eginak, Diego Villanuevaren trazari jarraituz.

Erretaula nagusiaren oinplanoa ahurra da, eta burualdearen forma erdizirkularrari egokitzen zaio. Gorputz bakarrak hiru kale eta errematea ditu, eta honela dago antolaturik: goitik behera erdiko kalearen alboetan dauden zutabe korintiar bikoiztuen bitartez, albokoetakoek muturretan pilastra artekatuak eta dekoratuak dituzte. Atikoan San Sebastianen oihal handiaren aldeetan girlanda eta grekadun bi pilastra daude eta hodei eta eguzki-izpiak dituen frontoi hiruki bat errematea da. Taulamenduan erdiko aldean, zutabeen gainean, apaingarria dago: hodeiak, aingeruen burutxoak eta lurrina erretzen duten lau txarro. Erretaula aldeetara zabaltzen da eta hegoetan sakristiarako ateak eta bi santari eskainitako oihalak daude.

Erdi-puntuko hormakonka handian barrokoko zilar koloreko Koruko Ama Birjinaren irudia dago. Alboetako kaleetan Goienetxearen Santa Ursula eta Santa Dorotearen oihalak daude, eta hegoetan Santa Marta eta Maria Magdalenaren pinturak.[oh 1] Azkenik, atikoan taulamendu bakunaren gainean Donostiako zaindaria, San Sebastian, irudikatzen duen oihal argitsua dago. Egilea Luis Boccia izan zen.

Erretaula albokideek honako diseinu hau dute: oinplano ahurra, gorputz eta atikoan egituraturik eta erretaularen gorputza mugatzen duten zutabe korintiar handiak. Erdiko aldean, taulamendu atzeraemanda dute, eta atikoa erdizirkularra eta txaranbeldua da. Erretaularen gorputzean erdiko erregistroak erliebedun panel handi bat du eta alboetako alde ahurretan irudiak daude oinazpikoen gainean. Atikoetan erdiko espazioan eskulturak daude eta zutabeen gainean txarro bana daude. Santa Barbaren erretaula epistolaren aldean dago: erdiko kalean Santa Barbararen goi-erliebea dago, eta beste alde bietan San Roke eta Santo Domingo irudikatzen omen dituzten eskulturak. Erretaula horrek San Nikolasen erliebea duen sagrarioa du, eta atikoan Mikel goiaingeruak deabruari irabazten diola irudikatzen duen taila bat. Sagrarioa San Nikolas erretaulakoa izan zen. San Pio V.aren erretaulan goi-erliebeak Pio V.aren bizitza irudikatzen duen eszena erakusten du, eta alboetan San Joan Bataiatzailearen eta San Lorenzoren eskulturak daude; azkenik, atikoan San Jose eta umearen taila dago.

Santa Mariaren multzo hau Gipuzkoako akademizismoaren lanik nabarmenena da. Agerian daude diseinu egokia eta tenpluaren arkitekturarekiko egokitasuna. Horretaz gain, kontuan hartu behar dira eskulturagintza eta pinturagintzaren batez besteko kalitatea –batez ere San Sebastianen oihala-; Koruko Ama Birjinaren Erdi Aroko taila; eta tenpluan lan egin zuten egileen kalitatea. Horiengatik guztiengatik euskal erretaulagintza neoklasikoaren aparteko lana da, eta penintsularen iparraldeko multzoetan neoklasizismoaren inportanteenetako bat.

Eskulturak

Camino Dok­toreak dioenez, Santa Maria basilikako eskultura ba­tzuk ere Juan Pascual de Menarenak dira, hain zuzen ere Santa Katalinaren al­darekoa (edo “Kon­tsulatukoa”). Familia Santuari buruz­koa da, Birjinaren gurasoekin eta Jesus Haurra tal­de osoaren erdigunean dela. Hodei lehorren gainean atseden har­tzen duten lagun santuek badute, halako bake adieraz­pen baten barruan, barroko keinu neurri­tsu bat eta batez ere argi dagoen halakoxe grazia rococoa. Horrelako tal­de ugariaren konposaketa, barrokoa baino neoklasikoagoa den simetria eskema baten inspirazio bidez lortua da.[4]

Iruditegia

Kanpoaldea.

  • Atariko xehetasuna
    Atariko xehetasuna
  • Soinuaren armonia eskultura
    Soinuaren armonia eskultura
  • Kanpoko ikuspegia
    Kanpoko ikuspegia
  • Kanpandorrea.
    Kanpandorrea.

Erretaula nagusiak:

  • Erretaula nagusia.
    Erretaula nagusia.
  • Santa Barbararena.
    Santa Barbararena.
  • San Pio V.arena.
    San Pio V.arena.

Barrualdeko beste detaile batzuk:

  • Barnealdea
    Barnealdea
  • Eduardo Chillidaren Gurutz IV (1975) eskultura, Santa Maria Basilikan
    Eduardo Chillidaren Gurutz IV (1975) eskultura, Santa Maria Basilikan
  • San Nikolas Barikoaren sagrarioa.
    San Nikolas Barikoaren sagrarioa.

Oharrak

  1. Badirudi ertilari arabar Jose Lopez Torrerenak direla uste izateko arrazoi gehiago daudela. Nolanahi ere lan kaskar samarrak omen dira.

Erreferentziak

  • Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
  • Artikulu honen edukiaren zati bat Euskal Herri Enblematikoa entziklopediako Euskal artearen historia (III): Barrokotik XIX. mendera liburutik txertatu zen 2017-09-14 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, liburu hori eta entziklopedia horretako beste zenbait Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
  1. Santa Maria basilika izena Donostiako Udala[Betiko hautsitako esteka], Donostia turismo, Euskararen Donostia, Irutxuloko HITZA[Betiko hautsitako esteka], Gipuzkoako Batzar Nagusiak, ETB[Betiko hautsitako esteka], Gipuzkoakultura eta Musikaste webguneetan
  2. Koruko Andre Maria izena Hiru.com, Euskararen Donostia, Turismoa.Euskadi[Betiko hautsitako esteka] eta Ingeba[Betiko hautsitako esteka] webguneetan
  3. Euskal Herria Enblematikoa entziklopedia. Liburukia: Euskal artearen historia (III): Barrokotik XIX. mendera
  4. Joaquin Antonio de CAMINO y ORELLA, Historia de la Ciudad de San Sebastián (Donostia, 1963), 13. or.

Bibliografia

  • Comenzana, I.: El arte en la Basílica de Santa Maria del Coro en San Sebastian. B.E.H.S.S.n, 9. znb., (1975), 271‑298. or.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia
  • Erretaula: Kultura Ondasun izendapena EHAAn
  • Koruko Andre Mariaren basilika hiru.com gunean.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q2842138
  • Commonscat Multimedia: Church of Santa María del Coro, Donostia-San Sebastián / Q2842138

  • Ondare historikoa
  • BIC: RI-51-0001200
  • Wd Datuak: Q2842138
  • Commonscat Multimedia: Church of Santa María del Coro, Donostia-San Sebastián / Q2842138


  • i
  • e
  • a
Donostiako leku interesgarriak
Ataria
Atari:Donostia
Parte Zaharra
Abuztuaren 31 kalea · Bretxako azoka · Donostiako portua · Donostiako harresiak · Esterlines kalea · Fermin Kalbeton kalea · Goikoa jauregia · Jesusen Bihotza · Kale Nagusia · Narrika kalea · Nautikoko kaia · Portu kalea · Raimundo Sarriegiren plaza · San Bizente eliza · Santa Maria basilika · Santa Teresa komentua · Trinitate plaza · Udaletxe Zaharra · Urgulleko gaztelua · Zuloaga plaza
Eraikin eta leku nabarmenak
Plazak
Aita Donostia plaza · Amerika plaza · Artzain Onaren plaza · Bilbo plaza · Bulebarra · Easo plaza · Europa plaza · Gipuzkoa plaza · José María Sert plaza · Katalunia plaza · Okendo plaza · Pio XII.a plaza
Kaleak
Aiete pasealekua · Antso Jakitunaren hiribidea · Askatasunaren etorbidea · Ategorrieta hiribidea · Easo kalea · Eduardo Txillida pasealekua · Foruen pasealekua · Gernikako Arbolaren pasealekua · Jose Elosegi Alkatearen hiribidea · Karlos I.aren hiribidea · Kontxako pasealekua · Itsasargi pasealekua · Madril hiribidea · Mandasko Dukearen pasealekua · Mirakontxa pasealekua · Nafarroa hiribidea · Pasealeku Berria · San Martin kalea · Tolosa hiribidea · Urbieta kalea · Zurriola etorbidea
Museoak eta Kultur-etxeak
Monumentuak
Aita Mariren monumentua · Bakearen Usoa · Bulebarreko erlojua · Bulebarreko kioskoa · Eraikuntza Hutsa · Estela · Jesusen Bihotza · Haizearen Orrazia · Izenbururik Gabe · Omenaldia Flemingi
Parkeak
Kirol instalakuntzak
Garraioa
Euskal Herriko leku interesgarriak
Baionako leku interesgarriak · Bilboko leku interesgarriak
Donibane Garaziko leku interesgarriak · Iruñeko leku interesgarriak
Gasteizko leku interesgarriak · Maule-Lextarreko leku interesgarriak