Mendi-erregetxo

Mendi-erregetxo
Irudi gehiago
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaRegulidae
GeneroaRegulus
Espeziea Regulus regulus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa0,77 g (pisua jaiotzean)
Zabalera14 cm
Kumaldiaren tamaina9,9
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora17 egun

Mendi-erregetxoa (Regulus regulus) Regulidae familiako hegazti paseriformea da, Eurasiako eskualde epeletan eta Makaronesian bizi dena[1].

Deskribapena

Erregetxoak gure hegaztietan txikienak dira, Buru hori edo laranja distiratsuz koroatutako lumadun bolatxo bat. 8-9 cm-ko tamaina du eta 4-6 gramoko pisua. Europako hegaztirik txikienak dira.

Bi espezieak oso antzekoak dira: goialdea berde-oliba kolorekoa eta azpitik zuri-grisaxka alboetan tindu berdexkaren batekin. Hegoak eta buztana ilunak, beltzaxkak. Hegoetan ondo markatutako marra zuri pare bat dituzte.

Erregetxoen ezaugarririk handiena, eta bi espezieak bereizteko aukera ematen diguna, buruaren kolorea da. Biek erdiko orban horia edo laranja dute arrek, emeek horia bakarrik bi zerrenda beltzekin alboetan. Buruaren gainontzekoa gris-oliba antzekoa da, mendi-erregetxoan kolore-detaile gehiagorik gabe, baina Erregetxo bekainzuriak bekain zuri argi bat du eta begien azpian eta begia zeharkatzen duen marra ilun bat. Lepoaren bi aldeetan urre koloreko orban bat ere badu, mendi erregetxoan falta dena. Bi espezietako kumeek ez dute hori edo laranja koloreko burugainik.

Bi espezieek antzeko silueta eta jarrera dute: txikiak, potoloak eta burugaineko lumak tentetzeko ohitura, kolore deigarria agerian utziz, asaldatuta daudenean. Kantua da bi espezieak hobeto bereizteko aukera ematen diguna.[2]

Biologia eta ohiturak

Txioak bezain aktiboak dira eta haiek bezala mugitzen dira, betiere zuhaitz eta zuhaixken hostoen artean, normalean hosto iraunkorretan, koniferoetan edo hostozabaletan. Segundo batean ere ez dira gelditik egoten.

Hain txori txiki batean hainbeste jarduerak energia-kontsumo handia dakar, eta intsektu eta armiarma txiki ugari harrapatzearekin konpentsatzen dute. Horiek harrapatzeko, erregetxoak sarritan airean gelditu egiten dira, ikertu nahi duten puntuaren aurrean, hegaldi estatiko batean, tximeleta bat bezala.

Gure latitudean sedentarioak dira. Neguan eremu zabal samar batean ibiltzera mugatzen dira eta, nolanahi ere, goi mendietan bizi direnak neguko hilabeteetan babestutako eremuak bilatzen dituzte.

Bi adartxoen artean hamaka bat bezala esekita egon ohi den habia eraikitzen dute, normalean koniferoetan. Egiteko, goroldioa eta likenak erabiltzen dituzte, amaraunezko hariekin lotzen eta eusten dituztenak.

Espezie oparoak dira, normalean 7 eta 11 arrautza artean egiten dituzte, eta ez da arraroa urtaro bakoitzean bi kumaldi haztea. Hegazti txiki eta delikatu hauen hilkortasun handia konpentsatzeko modu bat da. Emeak inkubatzen du, 15 bat egunez, biek elikatzen dituzte eta 17-18 egunera hegan egiten dute.

Oso espezie lagunkoiak dira ugaltze garaitik kanpo. Talde txikietan mugitzen dira normalean, askotan paridoen konpainian. Elkarren arteko kontaktua mantentzen dute apeuen bidez, uneoro igortzen duten “tsi-tsi-tsi-tsi” fin eta zorrotz bat.

Banaketa, habitata eta estatusa

Mendi erregetxoa Europako eta Asiako klima boreal, epel eta menditsuetan ugaltzen da. Erregetxo bekainzuriaren eremua askoz zabalagoa eta etenekin izan arren, Afrikako ipar-mendebaldera eta Ipar Amerikara iristen da, klima mediterraneo epel eta borealetan, baina ez du mendi-erregetxoak bezain gora igotzen latitudean.

Iberiar penintsulan erregetxo bekainzuria ohikoa da iparraldean edozein altitudetan, gainerakoetan menditarra baino ez da. Mendi-erregetxoa mendietan kokatzen da: Pirinioetan, Kantauriar eta Iberiar mendilerroetan eta Guadarraman.

Euskal Herrian Erregetxo bekainzuria oso ohikoa da eta banaketa orokorra du, mendi erregetxoa, oso arraroa da, Arcena-Peñagobia mendilerroko pinu gorrien pinudietako gune batzuk baino ez ditu okupatzen, Arabako mendebaldean.

Erregetxo bekainzuria oso ugaria da gaur egun Kantauri isurialdean, non Pinus radiata eta beste konifero batzuen birpopulaketek asko mesedetu baitute, zuhaitz mota horietan da arruntena. Artadietan ere aurkitzen da eta gutxiago pagadietan eta harizti batzuetan.

Araban ere ohikoa, batez ere pinudietan eta artederretan, zertxobait gutxiago erkametzetan, ametzetan eta pagadietan. Azken hauetan hobe zuhaixka-geruzan ezpelak badaude.

Taxonomia

Mendi-erregetxoak hainbat azpiespezie ditu:

  • Regulus regulus regulus (Linnaeus, 1758)
  • Regulus regulus himalayensis (Bonaparte, 1856)
  • Regulus regulus japonensis (Blakiston, 1862)
  • Regulus regulus tristis (Pleske, 1892)
  • Regulus regulus coatsi (Sushkin, 1904)
  • Regulus regulus yunnanensis (Rippon, 1906)
  • Regulus regulus hyrcanus (Zarudni, 1910)
  • Regulus regulus buturlini (Loudon, 1911)
  • Regulus regulus sikkimensis (Meinertzhagen R. & Meinertzhagen A., 1926)
  • Regulus regulus azoricus (Seebohm, 1883)
  • Regulus regulus inermis (Murphy & Chapin, 1929)
  • Regulus regulus sanctaemariae (Vaurie, 1954)
  • Regulus regulus teneriffae (Kanariar erregetxo; Seebohm, 1883)
  • Regulus regulus ellenthalerae (Päckert et al, 2006)
  • Regulus regulus regulus
    Regulus regulus regulus
  • Regulus regulus azoricus
    Regulus regulus azoricus
  • Regulus regulus inermis
    Regulus regulus inermis
  • Regulus regulus teneriffae
    Regulus regulus teneriffae

Erreferentziak

  1. BirdLife International (2004). Regulus regulus. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
  2. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 271 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak

Araozko kontuak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q26657
  • Commonscat Multimedia: Regulus regulus / Q26657
  • Wikispecies Espezieak: Regulus regulus

  • Wd Datuak: Q26657
  • Commonscat Multimedia: Regulus regulus / Q26657
  • Wikispecies Espezieak: Regulus regulus


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.